Surf-saio arrakastatsua, denboraldia hasteko

Pandemiak eragindako bi urteko etena eta gero, surf-saioa egin zuten Berdin-Berdinak elkarteko kide eta lagunek Antillako hondartzan, Orioko Surf Taldearekin batera antolatuta.

Saioa irailaren 10ean egin zuten, larunbatarekin, eta, horren bidez, elkarteak hasiera eman zion aurtengo denboraldiari. 

Jarraitu Surf-saio arrakastatsua, denboraldia hasteko irakurtzen

Orioko traineruko arraunlariek BB taldeko kideekin egin zuten arraun larunbatean

Joan den larunbatean, ekainak 18, elkarrekin aritu ziren traineruan Berdin-Berdinak taldeko arraunlariak eta Orioko Arraun Elkarteko gizonezkoen lehen taldekoak.

Berdin-Berdinak taldeko kirolariek denboraldiko azken entrenamendua egin behar zuten, uretan, eta elkartearen zuzendaritzak sorpresa bat eman nahi izan zien, urtean zehar egindako lan onaren sari. Horretarako, zuzendaria Jon Salsamendirekin jarri zen harremanetan, bera baita Orioko Arraun Elkarteko mutilen traineruaren entrenatzailea, eta bien artean lotu zuten larunbateko entrenamendu berezia.

Sorpresa atsegina

Gure elkarteko kirolariak eta familiak goizeko bederatzietan agertu ziren Orioko Arraunetxera, ustez betiko moduko entrenamendua egitera uretan, baina sorpresa atsegina jaso zuten jakin zutenean aukera izango zutela lehenengo aldiz traineruan arraun egiteko, eta eliteko arraunlariekin batera, gainera!

Entrenamenduaren bukaeran Jon Salsamendik eta bere traineruko arraunlariek domina bana eman zioten gure taldeko kirolari bakoitzari, poz-pozik jaso zutena.

Esperientzia ederra izan zen parte-hartzaile guztientzat eta bi taldeetako arraunlariak pozik ibili ziren traineruan, errioan gora eta behera. Ez batzuek eta ez besteek ez dute berehalakoan ahaztuko larunbateko esperientzia.

Eskerrik asko Orioko Arraun Elkarteari eta Jon Salsamendi eta bere mutilei, aukera hau emateagatik!

Uda on-ona pasa guztiok!

Echo ibarreko irteera

Ekainaren 4-5eko asteburuan egin dugu aurten Echo ibarreko irteera. Irteera hori urteroko hitzordua bihurtu da Berdin-Berdinak elkarteko kideentzat; baina azken bi urteetan ezin izan dugu egin, pandemiagatik, eta aurten berreskuratu dugu.

Gogo biziz geunden urteroko jarduera honi berriro heltzeko eta esan behar da esperientzia ezin hobea izan dela parte hartu dugunontzat.

Klubeko 13 kirolari animatu dira aurten gurekin bi egun pasatzera Pirinioetan, Echoko ibar ederrean, naturaz eta elkarren konpainiaz gozatzen.

Larunbat goizean atera ginen eta bazkaltzeko garaian iritsi ginen Echoko kanpinera. Han zain genuen elkarteko presidente Miren Salsamendi, Danel semearekin. Eguraldi ederrarekin bazkaldu genuen kanpoan eta, ondoren, pixka bat deskantsatu eta gero, Echoko herrira hurbildu ginen oinez, erreka ondoko bidetik.

Paseo ederra eta gero, herria ezagutzeko aukera izan genuen eta futbolinetan ere aritu ziren gazteak, gustura, hango taberna batean. Kanpinera itzuli eta hango jatetxean afaldu genuen giro onean.

Hurrengo goizean, mendiko buelta eder bat egin genuen, bakoitza bere erritmoan eta bere estiloan: batzuek, bizi-bizi; beste batzuek, patxadaz… Echoko mendizale-taldetxo bat ere izan genuen laguntzaile eta ederki moldatu ginen bide polit haietan barrena, txorien kanta artean eta mendi ikusgarrien bistan: Aguerri, Peñaforca, Castillo de Acher…

Ibilbidea osatuta, bakoitza bere martxan, kanpinera itzuli ginen eta han bazkaldu genuen, pixka bat nekatuta baina pozik, ondoren gauza denak bildu eta etxera bueltan abiatzeko.

Bi egun intentsu izan dira eta anekdota asko geratu zaizkigu barruan. Zerbait nabarmentzekotan, ordea, izan dugun giro ona eta gure gazteek elkarri laguntzeko erakutsi duten jarrera aipatu behar ditugu.

Ederra izan da!

Ana Godoy, elkarteko kirol-zuzendaria

Berdin-Berdinak elkarteak 10 urte bete ditu aurten

Berdin-Berdinak kirol-elkartea 2012an sortu zen, Blanca Aranguren donostiarraren ekimenez, eta, beraz, aurten ospatzen du hamargarren urteurrena.

2012an Orion ez zegoen kirol egokitua egiteko aukerarik eta desgaitasuna zuten herriko gazte batzuek kanpora jo behar izaten zuten ariketa fisikoa egiteko: Zarautzera, Donostiara…. Kirol Egokituko Federazioak antolatzen zituen talde haiek eta Alicia Figueroa oriotarra zebilen han lanean. Aliciak eta Blancak izan zuten Orion elkartea eratzeko ideia, herrian kirola egin ezin zuten pertsonei aukera hori emateko.

Hasieran, igeriketa-jarduera bakarrik eskaintzen zuen elkarteak, astean zehar kiroldegian, eta 13 bat igerilari aritzen ziren entrenatzen: desgaitasuna zutenak eta ez zutenak, modu inklusiboan. Entrenatzaile gisa, orduan hasi zen lanean Ana Godoy kanariarra, hamar urte beranduago ere gurekin segitzen duena.

Hazten eta zabaltzen

Elkartea sortu eta bigarren urtean pilota-atala ere martxan jarri zen eta dozena erdi pilotari juntatzen ziren larunbatero Orioko pilotalekuan entrenatzera. Pilotarietako batzuk oriotarrak ziren eta beste batzuk, berriz, eskualdeko eta inguruko herrietatik etorriak.

2015-16 denboraldian erreleboa izan zen elkartearen zuzendaritzan: Blanca Arangurenek utzi egin zuen presidente-kargua eta Miren Salsamendi oriotarrak hartu zuen, Jabier Zabaleta laguntzaile zuela.

2017an, pilota-atala desegin egin zen, jende faltagatik; baina laster sortu ziren elkartearen barruan beste bi kirol-modalitate berri eta, geroztik, Berdin-Berdinak elkarteak egiten duen kirol-eskaintzak hiru zutabe hauek ditu: igeriketa, arrauna eta adinekoen kirola.

Bai igeriketan eta bai arraunean, Berdin-Berdinak taldeko kirolariek, astero entrenatzeaz gain, parte hartu izan dute hainbat lehiaketatan; besteak beste, gure arraunlariak aulki mugikorreko Espainiako Txapelketan izan ziren 2018an.

Gaur egun, Berdin-Berdinak elkartearen familia 38 kirolarik osatzen dute, lehen adierazitako hiru modalitateetan ari direnak: igeriketa, arrauna eta adinekoen kirola. Horrez gain, lau entrenatzaile ditugu (Ana, Cristina, Gontzal eta Usoa) eta bi laguntzaile (Saioa eta Maria).

Bestelako aktibitateak

Kirol-jardueraz gain, kirolarien eta familien arteko harremanak estutzeko, elkarteak bestelako aktibitateak ere antolatu izan ditu, ludikoagoak:

  • Echo haranera urtero maiatza-ekainetan egin ohi dugun irteera.
  • Surf inklusiboko saioa, urtero irailaren hasieran Orioko hondartzan antolatzen duguna, herriko surf-taldearekin elkarlanean.
  • Orioko San Silvestre lasterketa.

Laguntzaileak

Gure lana aurrera ateratzeko, ezinbestekoak zaizkigu Orioko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak. Beti egon dira gurekin eta eskertzekoa da ematen diguten babesa.

Enpresa pribatuaren aldetik ere jasotzen dugu laguntza; besteak beste, Orona Fundazioarena eta Serigaur serigrafia-enpresarena.

Eta kirol-alorreko entitateei dagokienez, berriz, hitzarmen bana sinatuta daukagu Orioko Arraunketa Elkartearekin eta Donostiako Ur Kirolak elkartearekin eta, horri esker, gure kirolariek haien instalazioak erabiltzeko aukera dute. Horrez gain, aipatu eta eskertzekoa da, baita ere, Karela kiroldegiak ematen digun laguntza, igeriketa-saioak eta adinekoen entrenamenduak antolatzeko.

Elkarteak 10 urteko bidea egin du dagoeneko eta espero dugu denbora luzez jarraituko dugula kirolaren bidez inklusioa bultzatzen. Horretarako jaio zen elkartea eta horretan segituko dugu, kide guztien laguntzari esker.

Aupa, Adei!

Gure igeriketa-taldeko Adei Salsamendik errioan arraunean egiteko aukera izan zuen, maiatzaren 24an, Berdin Berdinak elkarteko ontzietako batean. Lehenbiziko aldia zuen eta asko gozatu zuen esperientzia, oriotarrentzat arrauna ez baita edozein kirol.

Elkarlanaren emaitza

Ekimena ikastolako soinketa-irakasle Iñaki Berazarena izan zen. Berazak urtero antolatzen ditu hainbat kirol-jarduera, ikasleek bestelako kirol batzuk praktikatu ditzaten, normalean egiten dituztenez gain, eta oraingo honetan arraun-saio inklusibo bat egitea planteatu zien Adeiren taldekoei. Horretarako, harremanetan jarri zen Berdin-Berdinak elkartearekin eta gure ontzietako bat utzi genion, jarduera segurtasunez eta lasai egin ahal izateko.

Iñaki Beraza eta Adei Salsamendiz gain, beste hiru ikasle ere aritu ziren arraunean ontzi berean, eta, esan digutenez, oso gustura ibili ziren denak.

Mila esker Iñaki Berazari, ikastolari eta Adeiren ikaskideei, gure kirolariari aukera hori emateagatik!

Berdin-Berdinak elkarteko igerilariak Ordizian

Pandemia dela eta, Berdin-Berdinak elkarteko kirolariek denbora dezente zeramaten igeriketa-lehiaketatan parte hartu gabe eta batzuek sekulako gogoa zuten horretarako. Horregatik, aurten aukera zegoela ikusita, gure taldeko hiru igerilarik izena eman zuten Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatutako Igeriketa Egokituko Txapelketan eta gogoz entrenatu dute, behar bezala prestatzeko. Txapelketa Ordizian jokatu zen joan den larunbatean, apirilak 2.

Gure igerilariek proba labur eta erraz batzuk egin zituzten; izan ere, helburua, batez ere, lehiaren munduarekin harremanetan hastea baitzen, hartara, hurrengo denboraldian, txapelketa gehiagotan parte hartzeko eta, pixkanaka-pixkanaka, aurrerapausoak emateko, taldeko kirolari batzuentzat lehiaketak oso motibagarriak izaten dira-eta.

Senide eta lagunen berotasuna

Berdin-Berdinak taldeko igerilariak —Inhar, Maria eta Iker— oso gustura ibili ziren. Hasieran, normala den bezala, urduri ziren; baina, gure entrenatzaile Ana eta Cristinaren laguntzarekin, aurre egin zioten berentzat berria zen egoerari eta, poz-pozik itzuli ziren etxera, lan ederra eginda.

Kanpoan hotz eta euritsua zen giroa; baina, barruan, haraino joan ziren senide eta lagunen bultzada eta animoei esker, ez zen berotasunik falta. Txapelketa ikustera joan ziren batzuentzat aukera aparta izan zen lehendik ezagutzen ez zuten igeriketa egokituaren mundu liluragarria ezagutzeko.

Ana, Inhar, Maria, Iker eta Cristina, Ordiziako igerilekuan

Berdin-Berdinak taldeko arraunlariek parte hartu dute Gipuzkoako ligaren 4. jardunaldian 

Otsailaren 27an, igandearekin, Berdin-Berdinak elkarteko arraunlari batzuek Gipuzkoako aulki mugikorreko ligaren 4. jardunaldian parte hartu zuten, Orion.

Bi urteko geldialdiaren ondoren, gure arraunlariak bueltatu dira, azkenean, lehiaketara. Eguraldi bikaina egin zuen estropada egunean eta, haizerik ere ez zebilenez, eroso egin zuten arraun, betiko ilusio eta gogoarekin. Esperientzia ezin hobea izan zen gure kirolarientzat eta talde teknikoaren sentsazioak ere onak izan ziren. 

Bi ontzi uretaratu ziren, lemadun laukoak biak; lehen ontziak 500 metroko ibilbidea egin zuen eta bigarrenak, berriz, 1000 metrokoa.

Jose A. Rodriguezen argazkia

Jose A. Rodriguezen argazkia

Polita izan zen elkarteko arraunlarientzat eta baita estropada ikustera etorri ziren beren familia eta lagunentzat. Batzuentzat lehen aldia zen lehiaketa ofizial batean parte hartzen zutela eta gustura hartu zituzten ibai ertzetik eta zubitik etengabe iristen zitzaizkien animoak eta txaloak. Arraunlari baten kuadrillakoak ere azaldu ziren laguna animatzera, pankarta handi eta guzti. Biba zuek!

Hobetzekoak

Arraunketa inklusiboa egiten dugunez, gure helburua, lana txukun egiteaz gain, gizarteratzea da batik bat eta, horretarako, badaude kontu batzuk, antolakuntzaren aldetik, hobetu daitezkeenak eta komeni da horiek ere hemen jasotzea, hurrengoan zuzendu ahal izateko.

Alde batetik, gure lehen ontzia, 500 metroko estropada egin zuena, bakarrik aritu zen, estropada ofizialki hasi baino 5 minutu lehenago eta ez du ematen hori modurik onena denik gure kirolarien integrazioa bultzatzeko. Bestetik, bigarren ontzia, luzera ofizialeko estropada jokatu zuen arren, zortziko ontzi batekin «lehiatzen» jarri zuten, eta ez beste edozein kategoriatako lauko batekin. Hurrengo baterako, egokiago litzateke gure ontziek beren antzeko beste ontziekin batera aritzea.

Nolanahi ere, pozgarria da guretzat ikustea arraun inklusiboak ere baduela bere lekua lehiaketa ofizialetan eta gure arraunlariek eta talde teknikoak bide berriak urratzen dituztela, pixkanaka baino sendo.

Eskerrik asko, Leire!

Leirek 11 urte zituen gure klubera iritsi zenean eta 18 urte bete arte ibili zen gurekin, igeriketa-entrenamenduetan. Desgaitasunik izan gabe Berdin-Berdinak elkartera hurbildu zen lehenbiziko pertsona izan zen eta, alde horretatik, inflexio-puntu bat markatu zuen gure ibilbidean, orduan hasi baitzen, benetan, gure elkartea inklusiboa izaten.

Urte horietan, entrenamenduetara ia inoiz huts egin gabe, zintzo demonio, igeriketako teknika hobetu zuen eta hainbat aldiz parte hartu zuen Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian.

Gero, bizitzak ematen dituen bueltak direla-eta, utzi egin behar izan zuen; baina, aurten, gurekin izan dugu ostera, irailetik azarora bitartean, laguntzaile-lanetan, igeriketako asteleheneko taldean. Kontatu digunez, oso gustura ibili da:

Klubera berriz etortzea etxera itzultzea bezala izan da niretzat; igeri egiteaz gain, baloreak erakutsi zizkidan etxe hartara. Klubean entzun nuen, lehen aldiz, inklusio hitza eta haren esanahia ikasi. Bizitzaren joan-etorriak direla eta taldea utzi behar izan nuenean, tristura handia sentitu nuen. Ez nuen sekula pentsatuko itzultzean inoiz joan izan ez banintz bezala izango zenik. Bada, hala izan da. Egia esanda, den-dena ez da lehen bezalakoa izan, taldekideen hobekuntzaren lekuko izatea oso hunkigarria izan baita niretzat. Harrigarria eta harro egoteko modukoa da igeriketarako duten zaletasuna eta hartan jartzen duten grina eta gogoa. Plazer bat da igerilekua beraiekin partekatzea eta taldeko kide izatea. Eskerrik asko denoi eta, batez ere, Anari, esperientzia hau bizitzeko aukera emateagatik eta hainbeste erakusteagatik, taldean hasi nintzenetik gaur arte, eta espero dut beste hainbat urtetarako ere. Berdin-Berdinak nire bigarren etxea izango da beti. Laster itzuliko naiz.

Guretzat ere gozamena izan da Leire berriro gurekin aritzea eta eraikitzen ari garen etxe komun honen parte izaten segitzen duela sentitzea, gainerako elkartekideak bezala.

Elkarteko kirol-arduradun Ana Godoyek barru-barrutik erantzun dio Leireren esker oneko mezuari:

Hunkitu egin naiz zure mezua irakurrita, Leire. Gauza hauek ukitu egiten naute eta, egia esan, espero dut beti horrela izatea 🙂

Berriro Leirerekin egun batzuk konpartitzeak barru-barrutik poztu nau. Bai Leire eta bai bere etxekoak jende ezin hobea dira eta ederra izan da berriz juntatzea.

Mila esker, Leire, eta nahi duzun arte!

Asteleheneko igeriketa-taldea