Joan den otsailaren 3an, astelehenarekin, batera egin zuten entrenamendua bi elkarteetako hainbat arraunlarik. Gure elkarteko Arraun sekzioak Ur Kirolak elkartearen egoitzan egiten du astelehenetako entrenamendu-saioa eta, bi zuzendaritza-taldeek horrela adostuta, saio bateratu bat antolatzea erabaki zuten, bi taldeetako arraunlariek elkar ezagutzeko eta kirol-inklusioan beste urrats bat emateko.
Saioan Ur Kirolak taldeko 10 bat arraunlarik parte hartu zuten, gure taldekoekin batera.
Elkar ezagutu eta aurreiritziak gainditu
Entrenamendu-saioaren helburua elkar ezagutzea zen, eta, horrekin batera, ezagutza faltak sortzen dituen aurreiritziak gainditzea, jolas giroan. Saioa, hortaz, batez ere ludikoa izan zen, nahiz eta ur-fosoan arraun egiteko aukera ere izan zuten.
Bi taldeetako begiraleek zuzendu zuten entrenamendua, elkarlanean. Beroketa-ariketak, berriz, UK-ko arraunlari batek (Anek) eta BBko batek (Aimarrek) zuzendu zituzten.
Parte-hartzaileak urduri samar zeuden hasieran, elkarren berri ez zutelako eta beren ohiko dinamikatik atera genituelako, baina berehala hartu zuten konfiantza eta oso giro atseginean egin zuten saioa, argazkietan sumatzen den bezala.
Emaitza ikusita, saiatuko gara aurrerantzean horrelako entrenamendu gehiago antolatzen.