Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak zenbait neurri hartu ditu, bizi dugun egoerari erantzun egokia emateko. Hona hemen elkartearen presidente Miren Salsamendik neurri horiek azaltzeko elkarteko kideei eta familiei bidali dien mezua:
Koronabirusaren krisiak sortutako egoera honek astindu latza eman dio guztion eguneroko bizimoduari, eta gure klubean ere aldaketak eragin ditu, ezinbestean. Horien berri eman nahi dizuet.
Gure langileak ERTEn sartu ditugu klubaren jarduera etenda dagoen bitartean eta, hartara, langabezia kobratuko dute. Hileko soldata osatzeko falta zaien zatia klubak jartzea erabaki dugu. Klubaren egitura mantendu behar dugu, hau guztia bukatzen denean berriro martxa egokian hasi ahal izateko eta, horretarako, ezinbestekoa da gure langileak babestea.
Bestalde, jakin ezazue martxoko kuota egokitzea erabaki dugula: klubak martxoaren 11n eten zuen jarduera eta, beraz, hileko kuotaren herena baizik ez dizuegu pasatuko martxoaren bukaeran. Hori iruditu zaigu justuena.
Hemendik aurrerako kuotei dagokienez, berriz, hau da gure proposamena: egoera bere onera etorri eta gure jarduera normaldu arte, 15 euroko kuota txiki bat kobratzea hilero, klubaren egitura mantendu ahal izateko.
Jaso muxu handi bana eta eutsi bizkor egoera zailari! Zaindu elkar!
Miren Salsamendi, Berdin-Berdinak kirol elkarteko presidentea
Aipatzekoa da elkarteko kideek eta familiek erantzun ezin hobea eman diotela proposatutako neurri-sorta honi.
Mila esker guztioi elkartearen lanari ematen diozuen babesagatik!