
Pandemia dela eta, Berdin-Berdinak elkarteko kirolariek denbora dezente zeramaten igeriketa-lehiaketatan parte hartu gabe eta batzuek sekulako gogoa zuten horretarako. Horregatik, aurten aukera zegoela ikusita, gure taldeko hiru igerilarik izena eman zuten Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatutako Igeriketa Egokituko Txapelketan eta gogoz entrenatu dute, behar bezala prestatzeko. Txapelketa Ordizian jokatu zen joan den larunbatean, apirilak 2.
Gure igerilariek proba labur eta erraz batzuk egin zituzten; izan ere, helburua, batez ere, lehiaren munduarekin harremanetan hastea baitzen, hartara, hurrengo denboraldian, txapelketa gehiagotan parte hartzeko eta, pixkanaka-pixkanaka, aurrerapausoak emateko, taldeko kirolari batzuentzat lehiaketak oso motibagarriak izaten dira-eta.
Senide eta lagunen berotasuna
Berdin-Berdinak taldeko igerilariak —Inhar, Maria eta Iker— oso gustura ibili ziren. Hasieran, normala den bezala, urduri ziren; baina, gure entrenatzaile Ana eta Cristinaren laguntzarekin, aurre egin zioten berentzat berria zen egoerari eta, poz-pozik itzuli ziren etxera, lan ederra eginda.
Kanpoan hotz eta euritsua zen giroa; baina, barruan, haraino joan ziren senide eta lagunen bultzada eta animoei esker, ez zen berotasunik falta. Txapelketa ikustera joan ziren batzuentzat aukera aparta izan zen lehendik ezagutzen ez zuten igeriketa egokituaren mundu liluragarria ezagutzeko.
