Berdin-Berdinak elkartea

berdinberdinak15

Berdin-Berdinak kirol elkartea 2012an sortu zen, gure inguruko kirol praktikan sumatu genituen beharrei erantzuna emateko. Elkartearen bultzatzaile nagusia Blanca Aranguren izan zen eta, harekin batera, beste hainbat laguntzaile ere aritu ziren.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen premiei erantzuteko sortu zen elkartea. Igeriketa egiteko aukera egokirik ez zeukaten Orion eta, bestalde, antolamendu egokirik ere ez zegoen herrian, jarduerari jarraitasuna emateko behar bezalako baldintzatan. Aniztasun funtzionala zuten haur eta gazteek, igeriketan egin nahi bazuten, Zarautza jo behar zuten.

Hori dela-eta, KIROL ELKARTE MISTO bat sortu zen, honako federaziotan integratua: Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioan, Kirol Egokituko Euskal Federazioan eta Igeriketako Gipuzkoako Federazioan. Elkartea hainbat kirol lantzeko helburuz sortu zen eta, hasieratik, irekia da aniztasun funtzionala dutenentzat eta ez dutenentzat.

Klubak bi atal dauzka: batetik, IGERIKETA EGOKITUKO atala, aniztasun funtzionala dutenentzat, igeriketarako behar duten laguntza izan dezaten. Atal horrek bi maila ditu: hasiera maila eta hobekuntza-maila.

Bestalde, IGERIKETA INKLUSIBOKO atala dauka, guztientzat irekia, igeriketan federazioaren bidez jarraitu nahi duten pertsonentzat, bai entrenamenduetan parte hartuz, bai lehiaketetan parte hartuz, Igeriketako Gipuzkoako Federazioaren bitartez.

Atal hori 10 urtetik gorako haur eta gazteentzat pentsatuta dago, hasierako maila egin ondoren, igeriketa egiten segitzeko aukera izan dezaten, Orion bertan.

Igeriketaz gain, PILOTA INKLUSIBOKO atal bat ere badugu. Gure kirolarietako batzuk entrenamenduetara mugatzen dira; baina beste batzuk pilota egokituko Gipuzkoako ligan lehiatzen dira.

Gure helburua da elkartea erreferente bilakatzea Urola Kosta eskualdean. Alderantzizko inklusioa egiten dugu; hau da, desgaitasun egoeran dauden pertsonentzat sortua da eta irekia beste guztientzat ere.