Berdinduz programa

Gauza jakina da aisialdiko jarduerak —izan kirolekoak, izan artistikoak zein kulturalak— oso tresna egokiak direla elkarbizitzako balioak transmititzeko, autonomia pertsonala bultzatzeko eta giza harreman egokiak lantzeko.

Hala ere, askotan, ez da kontuan hartzen jarduera horiek guztien eskura egon behar dutela eta, beraz, desgaitasun-egoeran dauden pertsonek ere aukera izan behar dutela parte hartzeko, nahiz eta, horretarako, baliabide bereziak behar izan.

Jarduera asko —bereziki, kirolekoak, artistikoak eta kulturalak— ia erabat daude bideratuta lehiaketara edo bikaintasuna lortzera. Askotan, parte hartzeko laguntza beharko luketen haur eta gaztetxoak jarduera horietatik kanpo geratzen dira, ez direlako beren premiak kontuan hartu edota, kontuan hartuta ere, ez dagoelako bitartekorik premia bereziak dituztenei erantzuteko: batez ere, laguntzaile bat izatea, berdintasunean parte hartzeko aukera erraztuko diena, segurtasuna emango diena eta bere gaitasunak garatzeko aukera ziurtatuko diena.

hasieretaane

Orion haur eta gaztetxo ugari ditugu, desgaitasun fisiko edota intelektualen bat dutenak: buruko gaixotasunak, autismoa, bestelako desgaitasun batzuk… Haur horientzat, egoki garatzeko, oso garrantzitsua da beren inguruan antolatzen diren jarduera eta ekitaldietan parte hartzea; baina, askotan, aukerarik ez dute izaten, baliabide ekonomikoak falta direlako. Guretzat lehentasunezkoa da haur eta gaztetxo horiei aukera ematea aisialdiko zerbitzuetan parte hartzeko.

Premia hori hor dago eta nabarmena da; eta Berdin-Berdinak elkarteak aurre egin nahi dio, Udalaren laguntzarekin. Horretarako sortu dugu Berdinduz programa: pertsona horiei baliabideak eskaini ahal izateko, herriko jardueratan berdintasunean parte hartzeko aukera izan dezaten. Eskaintzen diren baliabideak bi motatakoak dira: batetik, profesional gaituak ari dira, programa zuzendu eta koordinatzen; eta, bestetik, ondo prestatutako boluntario-sare bat ari gara osatzen, unean uneko laguntza emateko.

Horixe da, hain zuzen, ekimen honen berritasun nagusia: BOLUNTARIO-SARE EGONKOR BAT SORTU ETA DINAMIZATU NAHI DUGU Orion, haur eta gaztetxo horien premiei erantzuteko.

GUNE INKLUSIBOAK sortzeko ekimen honek bi esparrutan eragiten du: batetik, laguntza ematen dio horren premian dagoen kolektibo bati; eta, bestetik, gure gizartean oinarrizkoak diren balioak zabaltzen ditu: tolerantzia, eskuzabaltasuna, desberdinarekiko errespetua, talde-lana, nork bere buruari gogor egin eta hobetzea…

Ekimenaren helburuak

  • Desgaitasun-egoeran dauden edo gizarte-integrazioko arazoak dituzten haur eta gaztetxoei aukera erraztea aisialdiko jardueratan parte hartzeko: kirol jarduerak, kulturalak, artistikoak, musikalak…
  • Programan parte hartzen duten eragileei prestakuntza ematea, desgaitasunari buruz duten perspektiba aldatzeko: positiboan pentsatzea, duintasuna, aukera-berdintasuna, eskubideak eta betebeharrak…
  • Programan parte hartzen duten eragileei prestakuntza ematea, elkarbizitzako balioei buruz duten perspektiba aldatzeko: aniztasunaren errespetua, eskuzabaltasuna, enpatia, elkartasuna…
  • Programaren berri zabaltzea oriotarren artean eta herriko eragileen artean, hedatu nahi ditugun oinarrizko ideiak gizarteratzen laguntzeko.
  • Boluntario-sare aktibo, motibatu eta iraunkorra sortzea Orion.