Igeriketa inklusiboa

igeriketainklusiboa

Berdin-Berdinak elkarteak igeriketa inklusiboko taldea dauka martxan hasiera-hasieratik eta bertan entrenatzen dute Orioko eta inguruetako hainbat igerilarik.

Igerilari bakoitzak astean bitan egiten du entrenamendua, ordubetez; batzuek astelehen eta ostiraletan, besteek asteazken eta ostiraletan… Entrenamendu guztiak Karela kiroldegian egiten dituzte, arratsaldetan, 17:30etik 20:30era bitartean.

Ana Godoy eta Beñat Carretero ari dira gaur egun entrenatzaile-lanetan eta gustura daude igerilarien progresioarekin. Ana Godoy kanariarra da izatez eta hasieratik dabil taldean; Beñat Carretero, ostera, oriotarra da eta denboraldi honetan hasi da elkartean lanean, beste oriotar batek, Aurora Makazagak, utzitako hutsunea betez.

Zatoz zu ere!

Berdin-Berdinak elkarteko beste talde guztiak bezala, igeriketakoa ere inklusiboa da eta, beraz, zabalik dago igerian egin nahi duten guztientzat. Kide batzuek entrenamenduetara mugatzen dute beren jarduera; baina beste batzuek, hala nahi dutenek, lehiaketa ofizialetan parte hartzen dute gero.

Norbaitek taldean parte hartu nahi badu eta igeri egiten hasi, elkartearekin harremanetan jarri besterik ez dauka, (653 622 730, berdin.berdinak@gmail.com).