‘Jendartean bidaide’: inklusioaren aldeko mezu ederra

Processed with Snapseed.
Aktore-kuadrilla bikaina Orioko kultur etxeko eszenatokian.

Alex Telloren zuzendaritzapean aktore-kuadrilla bikaina ikusteko aukera izan genuen urriaren 6an kultur etxeko areto bete-betean. Antzezlana iaz Usurbilen egindako Kilometroak jairako prestatu zuen Alex Tellok eta Orioko Udalak ekarri du gurera aurten, Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak proposatuta.

Gizarte-inklusioaren aldeko mezua zabaltzea da antzezlanaren helburua: gizarte honetan denok gara desberdin eta denok ditugu, gure gaitasun propioak bezalaxe, gure ezinak eta mugak ere. Hori onartu eta desberdintasuna poztasunez bizitzeko aldarria egiten du ‘Jendartean bidaide’ antzezlanak, begiratu positiboa eskainiz askori urrutikoa zaion errealitateari.

Aktoreen lana bikaina iruditu zitzaidan; elkarrizketak, musika eta dantza uztartzen dituen gidoia, berriz, ondo josia eta alaia. Primerako ikuskizuna izan zen, gozatzekoa.

Taldea beste antzezlan baten ideia lantzen ari omen da orain. Ea hori ere Orion ikusteko aukera dugun!

Jabier Zabaleta
Karkara aldizkariaren 2016ko urriko zenbakirako testua

Sormena eta mugimendua lantzeko ikastaroa HH4 eta HH5eko haurrentzat

sormena16

2015-16 ikasturtean hasi zen Berdin-Berdinak elkartea Sormena eta Mugimendua ikastaroa antolatzen eta, oso harrera ona izan zuenez, aurten ere antolatu du.

Ikastaroaren helburua da haurrek beren gorputzaren ezagutza eta kontrola garatzea, profesional espezialisten laguntzarekin.

Noiz eta non

Urriaren 24an hasiko da ikastaroa eta ikasturte osokoa izango da. Haurrek astean behin egingo dute ordubeteko saio bat, arratsaldez. Bi talde izango dira, bat astelehenetan eta bestea ostegunetan, 17:30etik 18:30era.

Saio guztiak Ikastolaren psikomotrizitate gelan egingo dira.

Prezioa

Hileko 25 euro.

Irakasleak

  • Leire Cano, psikologian eta gorputz hezkuntzan lizentziatua
  • Nerea Hernandez, Musika, Mugimendua eta Gorputz Hezkuntzan aditua

Lantzen diren edukiak

  • Gorputzaren ezagutza eta horren kontrola espazioan
  • Gorputz adierazpena
  • Jolas eta abestiekin gozatzen ikastea (Irrien Lagunak)
  • Musikoterapia
  • Ipuin motoreekin esperimentatzea
  • Komunikazioa: adierazpena eta ipuin motoreak
  • Inprobisazioa. Bertso interaktiboak. Sormen librea.
  • Erlaxazioa eta yoga

Antolatzaileak eta zuzendaritza teknikoa

Ikastaroa Berdin-Berdinak elkarteak eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatu duten elkarlanean, Orioko Herri Ikastolaren eta Zaragueta eskolaren laguntzarekin.

Zuzendaritza teknikoaz Alicia Figueroa arduratzen da (635 751 339)

BERDINDUZ proiektua abiatu dugu!

hasieretaane

Berdin-Berdinak kirol elkartea 2012an sortu zen eta, geroztik, lan handia egin du Orion, aniztasun funtzionala duten pertsonen premiei erantzuteko, kirola normaltasunez egin dezaten. 

Pilota, igeriketa eta psikomotrizitate inklusiboan gure elkarteak izandako erantzuna eta herrian dagoen beharra ikusita, beharrezko ikusi dugu eskaintza zabaltzea, eta horregatik sortu dugu BERDINDUZ proiektua, Orioko Udalaren laguntzarekin.

Zer da BERDINDUZ proiektua?

BERDINDUZ proiektuaren bidez, laguntza-sare egonkor bat sortu nahi dugu Orion. Sare horrek bi zutabe nagusi izango ditu: herriko kirol eta aisialdi taldeak, batetik, eta boluntarioak, bestetik. Guztion artean laguntza-sare bat eratuko dugu, aukera emango diena aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoei berdintasunean parte hartzeko kirol eta aisialdi jardueratan. Proiektu barneratzailea izango da: desgaitasun-egoeran daudenentzat sortu den arren, irekia izango da guztientzat.

Inklusioa helburu

Herriko aisialdi eta kirol elkarteetan parte hartzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu desgaitasun-egoeran dauden edota gizarte integrazioko arazoak dituzten haur eta gaztetxoei, haien eskaintzak boluntarioekin lagunduz. Boluntario horiek Berdin-Berdinak elkartearen eta Kirol Egokituko Federazioaren prestakuntza jasoko dute, beren lana ahalik eta egokien egiteko.

Proiektu berritzailea

BERDINDUZ proiektua berritzailea da, eta Orion gauzatuko da lehenbiziko aldiz. Dagoeneko abiatu dugu, baina oraindik lehen pausoak ematen ari gara.

Uste dugu Oriok baldintza egokiak dituela horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko: boluntariotzarako joera indartsua, gazte-jende prestua, berdintasunarekin inplikatutako elkarteak…

Parte hartu nahi?

BERDINDUZ proiektuak bi zutabe nagusi ditu:

  • Batetik, aisialdiko edo kiroleko jardueretan parte hartuko duten haur eta gaztetxoak, desgaitasun-egoeran daudenak edota integrazioko arazoak dituztenak.
  • Bestetik, laguntza eskainiko duten boluntarioak.

Proiektua koordinatzen Ibai Zubizarreta gazte oriotarra dabil, Berdin-Berdinak elkartearen izenean. Proiektuan parte hartu nahi baduzu edo informazio gehiago jaso nahi baduzu, jarri berarekin harremanetan:

dni

Eskerrik asko, kuadrilla!

Ederki pasa genuen ostegun gaueko saioan: aktore-lan bikaina, inklusioaren aldeko mezu ederra, musika eta dantza, giro ezin hobea eta kultur etxeko aretoko 120 aulkiak beteta oriotarrekin eta kanpotik etorritako lagunekin. Primerako ikuskizuna izan zen, gozatzekoa.

Zorionak, bihotzez, parte hartu zenuten guztioi! Zuekin urrutira joan liteke!

Berdin-Berdinak elkarteak proposatuta, ‘Jendartean bidaide’ antzezlana izango da kultur etxean

jendarteanbidaide16.jpg

Berdin-Berdinak kirol elkarteko presidente Miren Salsamendik Usurbilen ikusi zuen iaz Jendartean bidaide antzezlana, Kilometroak jaiaren barruan estreinatu zutenean. Asko gustatu zitzaion eta, horregatik, elkartearen izenean, Udalari proposatu zion Oriora ere ekartzeko, herritarrek ikusteko aukera izan zezaten. Udaleko Kultura batzordeak ontzat eman zuen proposamena eta, beraz, kultur etxean eskainiko da urriaren 6an, ostegunarekin, 22:00etan hasita.

Sarrerak 5 euro balio du eta dagoeneko salgai daude kultur etxean. Aretoaren aforoa mugatua denez, komeni da garaiz ibiltzea eta sarrerak aldez aurretik hartzea.

Inklusioa da antzezlanaren gaia

Antzerkia eta musika uztartzen ditu antzezlanak. Era guztietako antzezlez osatutako talde bat ari da, “Egunero gattunk artistak!” obra prestatzen. Antzezlanean ikusten da taldean nola bizi duten sorkuntza prozesu hori. Oso denbora mugatua daukate dena prestatzeko eta, ari direla, zailtasunei aurre egin beharko diete, urduri ibiliko dira, eztabaidatu egingo dute, eta abestu ere bai piano baten laguntzaz…

Gai nagusia inklusibitatea da. Antzezlanak gaiarekiko sentsibilizazioa sortu nahi du eta, modu atsegin batean aurkeztuz, zer pentsatua eman ikusleari: Nolako jendartean bizi gara? Zer da ezgaitasuna edukitzea? Zer da gai izatea?

Antzezlanaren talde artistikoa honela osatuta dago: Ana Elordi, Anabel Arraiza, Satxa Soriazu, Telmo Irureta, Xanti Agirrezabala eta Eugeni Alzibar. Lagun gonbidatu batzuk ere parte hartuko dute: Ana, Bouchra, Enrike, Irati, Miren…

Zuzeneko musika Satxa Soriazu pianistak joko du eta, antzerkiaren lagungarri, zeinu bidezko interpreteak ere izango dira: Jugatx Agirre eta Ainhoa Moiua.

Aurkezle lanetan Jurgi Olasagasti arituko da, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziokoa.

Gidoia eta zuzendaritza Alex Telloren esku daude.

Berdin-Berdinak kirol elkartea eta Orioko Surf taldea elkarlanean

©JHDavis, How to Wow Inc.

Berdin-Berdinak kirol elkarteko kideek surfeko saio bat egin genuen lehen aldiz 2016ko uztailaren 16an, larunbatarekin. Horretarako, Orioko Surf taldearen laguntza izan genuen.

Surf taldeko lagunak zeharo inplikatu ziren jardueran eta goiz eder askoa pasa genuen Orioko hondartzan. Surf taldeko lagun kuadrilla ederra zegoen gure zain goizeko 9:30erako (marearen arabera aukeratu genuen ordua, goiz samar) eta, haien laguntzarekin, gure taldeko neska-mutilek eta gonbidatutako beste lagun batzuek surfa probatzeko aukera izan zuten.

Ederki pasa genuen eta, gure esker ona adierazteko, egun hartan ateratako argazkiekin poster hau prestatu eta Surf taldeko lagunei eman genien. Surf elkartearen lokalean daukate jarrita, elkarrekin pasa genuen egun ederraren oroigarri 🙂