Berdin-Berdinak kirol elkarteko presidente Miren Salsamendik Usurbilen ikusi zuen iaz Jendartean bidaide antzezlana, Kilometroak jaiaren barruan estreinatu zutenean. Asko gustatu zitzaion eta, horregatik, elkartearen izenean, Udalari proposatu zion Oriora ere ekartzeko, herritarrek ikusteko aukera izan zezaten. Udaleko Kultura batzordeak ontzat eman zuen proposamena eta, beraz, kultur etxean eskainiko da urriaren 6an, ostegunarekin, 22:00etan hasita.
Sarrerak 5 euro balio du eta dagoeneko salgai daude kultur etxean. Aretoaren aforoa mugatua denez, komeni da garaiz ibiltzea eta sarrerak aldez aurretik hartzea.
Inklusioa da antzezlanaren gaia
Antzerkia eta musika uztartzen ditu antzezlanak. Era guztietako antzezlez osatutako talde bat ari da, “Egunero gattunk artistak!” obra prestatzen. Antzezlanean ikusten da taldean nola bizi duten sorkuntza prozesu hori. Oso denbora mugatua daukate dena prestatzeko eta, ari direla, zailtasunei aurre egin beharko diete, urduri ibiliko dira, eztabaidatu egingo dute, eta abestu ere bai piano baten laguntzaz…
Gai nagusia inklusibitatea da. Antzezlanak gaiarekiko sentsibilizazioa sortu nahi du eta, modu atsegin batean aurkeztuz, zer pentsatua eman ikusleari: Nolako jendartean bizi gara? Zer da ezgaitasuna edukitzea? Zer da gai izatea?
Antzezlanaren talde artistikoa honela osatuta dago: Ana Elordi, Anabel Arraiza, Satxa Soriazu, Telmo Irureta, Xanti Agirrezabala eta Eugeni Alzibar. Lagun gonbidatu batzuk ere parte hartuko dute: Ana, Bouchra, Enrike, Irati, Miren…
Zuzeneko musika Satxa Soriazu pianistak joko du eta, antzerkiaren lagungarri, zeinu bidezko interpreteak ere izango dira: Jugatx Agirre eta Ainhoa Moiua.
Aurkezle lanetan Jurgi Olasagasti arituko da, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziokoa.
Gidoia eta zuzendaritza Alex Telloren esku daude.