Arraun-entrenamendu bereziak

Gure elkarteko arraunlariak denboraldia bukatzen ari dira  eta, hori dela eta, bi entrenamendu berezi egin zituzten aurreko astean, errioan.

Ostegunean, ekainak 8, zortzikoan ibili ziren, arratsaldez, Orioko neska-mutil gazteekin batera. Bi zortziko atera zituzten uretara eta bietan ibili ziren arraun-klubeko eta Berdin-Berdinak elkarteko arraunlariak batera, nahasita. Errioan gora eta behera ibili ziren eta, bukaeran, elkarren lehian ere aritu ziren, giro ederrean.

Larunbat goizean, berriz, ekainak 10, Orioko gizonezkoen traineruko arraunlariekin egin zuten arraun Berdin-Berdinakeko kideek. Bi txandatan atera ziren uretara eta oso ondo pasatu zuten. Arraun egin eta gero, denboraldian egindako lan ona saritzeko domina bana jaso zuten gure kirolariek.

Mila esker bi entrenamendu-saio horietan lagundu diguten Arraun Elkarteko arraunlariei. Gozamena izan da zuekin ordu horiek konpartitzea!

Telleriaren «platanito» berriak

Osteguneko entrenamenduaren aurretik «Marcajes Telleria» enpresak gure elkarteari egin dizkion «platanito» berriak banatu genituen, eta gure arraunlariek horiekin egin dituzte azken bi saioak. 

Elkarteko igeriketa atalekoek, berriz, ostiralean estreinatu zituzten «Marcajes Telleria»k emandako bainu-jantzi berriak.

Mila esker gure esponsorrari, ematen digun laguntzagatik!

Utzi iruzkina