Denboraldiaren bukaera, etapa baten bukaera

Joan den larunbatean bukatu genuen 2022-23 denboraldiko lana, uretan egindako arrauneko azken entrenamenduarekin.

Denboraldi bete-betea izan da; beti bezala, oso momentu onak bizi izan ditugu eta, baita ere, tarteka, egoera konplikatuak ere. Baina, hori bai, orain arte bezala, gogo eta ilusio handiz egin diegu aurre eguneroko erronkei. Kirol inklusiboa bultzatzeko jarduerak egitea da gure zeregina eta helburu horri eman dizkiogu, aurten ere, gure ordurik onenak.

Denboraldia bukatzeko, klubeko atal bakoitzak jarduera berezi bat egin du:

  • Arrauna: Iaz bezala, gure kirolariek aukera izan zuten Orioko gizonen traineruko arraunlariekin batera entrenatzeko. Blogeko azken mezuan azaldu genuen bezala, ekainaren 10ean egin zuten entrenamendua, larunbatarekin, eta oso motibagarria izan zen gure taldeko arraunlarientzat.
  • Igeriketa: Joan den ostiralean, ekainak 23, jolas-saio bat egin zuten gure igerilariek Karela kiroldegian. Eguneroko entrenamenduen zurruntasunetik atera eta jolasean aritu ziren elkarrekin, gustura.
  • Helduen taldea: Helduen taldeko kirolariek, ostera, plan lasaiago bat aukeratu zuten, denboraldia bukatzeko: elkarrekin paseatzera eta kontuak esatera atera ziren eta, ibai ertzetik barrena ibilaldi bat egin eta gero, kafea hartuz segitu zuten tertulian The Passen, aurten egindakoak eta hurrengo urteko erronkak lagun artean komentatuz.

Agur, Cristina! Agur, Usoa!

Denboraldia bukatu da, beraz, eta, denboraldiarekin batera, etapa bat agortu dugu elkartean, bi lagun maiteri agur esan behar diegu-eta. Azken urteotan, gurekin ibili dira talde teknikoan Cristina eta Usoa, eta orain beste etapa bat hasiko dute, klubetik kanpo.

Despedidak beti dira zailak eta hala da guretzat ere une hau. Hunkituta gaude bi lagun hauei agur esateko momentuan, asko konpartitu dugulako urte hauetan guztietan. Bokazio hutsez hasi ziren gurekin lanean, horixe baita lan honetarako behar-beharrezkoa den aurreneko gauza; eta bi profesional handi eginda doaz, egunero-egunero lanean frogatu diguten bezala.

Ate handitik doaz Cristina eta Usoa, urte askotako lanaren emaitza gogoan. Kluba osatzen dugun lagunen eta erabiltzaileen oroimenean betiko geratuko da zuek utzitako arrastoa. Mila esker!

Muxu handi bana eta zorte on-ona izan bide berrian!

Berdin-Berdinak elkartea

Utzi iruzkina